Kafe Torero kultur egitasmoa 2004aren bukaeran jaio zen, artean izen gabe, eta, jakina, hazterakoan kultur egitasmo bihurtu behar zuela susmatu ezinik. Kontu serio gehienak bezala, ez zuen sorrera seriorik izan. Abenduko gau batez, Euskalduna Tabernaren aurrean egin genuen topo bertako nagusia den Felix Bordak, Xabier Etxabek eta Xabier Etxeberriak. Ordurako, zenbait libururen aurkezpenak eginak genituen han, eta elkar ezagutzen genuen. Kultur arloan Zarautzen - batez ere negu partean - somatzen genuen hutsuneaz aritu ginen hizketan, bizitza kulturalerako formatu txikiko emanaldiek duten garrantziaz, sortzaileentzat plataformak eskaini beharraz eta abar eta abar eta abar.
Gau hark, baina, biharamuna izan zuen eta, oraingoan taberna barruan mahai baten jiran bildurik, konkretuki zer egin zitekeen eztabaidatzen hasi ginen. Hitzak ekintzekin ordainduz, hilero - azken ostegunarekin - kultur emanaldi txiki bat antola genezakeela Euskalduna Tabernan erabaki genuen. Jendea sofaren eta telebistaren atzaparretatik askatu eta antzerkia, musika edo poesia errezitaldi bat ikustera etortzeko, bi ezaugarri bete behar zituztela emanaldiek ohartu ginen: kalitatezkoak izatea eta debaldekoak izatea.
Lehen puntua betetzen saiatzeaz Xabier Etxabe eta Xabier Etxeberria arduratuko ziren, maila ematen zuten artistekin harremanetan ipini eta etortzeko konbentzituz. Bigarren puntuaz Felix Borda, emanaldietarako lokala utziz eta zetozen artistei ordainduz.
Horrekin batera, zarauztarren artean bizitza kulturala sustatzea ipini genien geure buruei helburua. Oholtzaren bi aldeetan. Ikusle gisara, gutxienez hilean behin antzerki, poesia edo musika emanaldi batera joateko ohitura piztuz. Horretarako alde genuen, noski, debaldekoak eta jende guztiarentzat irekiak izatea eskaintzen genituen saioak. Kontra, berriz, ostegunetan, gauez eta neguan izatea. Aste barruko eta udaz kanpoko mugimendu hori suspertzea zen, hala ere, gure erronka arestian esan dugunez.
Bestetik, oholtza gainean. Zarautzen - edo Zarautz inguruan - euren lanak eskaini nahi baina ezinean zebilen artista berri (eta ez hain berri) asko zegoela jakin bagenekien. Kanpotik zetorrenari ateak inolaz itxi gabe, bertako sortzaileek beraien ikuskizunak plazaratzeko aukera izan zezaten ahalegin berezia egitea erabaki genuen.